LANBILA-ZURE ENPLEGU BILAKETAN EMAITZA DESBERDINAK LORTU NAHI DITUZU?

Abenduaren 7ra arte luzatu da Lanbilan izena emateko epea. Azkenik, prestakuntza abenduaren 12tik 19ra egingo da, 09: 15etik 13: 15era.

Bilaketa eraginkorra egiteko, beharrezkoa da jakitea zer lan-helburu dugun eta zer balio desberdin eman diezaiekegun enpresei edo enplegatzaileei.

Lanbila express formatuko programa da; 6 lan-saiotan garatzen da. Aiarako eskualdean erroldatuta dauden eta lan-bilaketa aktiboan dauden pertsonei zuzenduta dago, haien prestakuntza, adina edo lan-egoera edozein dela ere.

Hasteko, lana bilatzeko prozesuan nabarmendu behar ditugun indarguneak identifikatzeko gogoeta-fasea egiten da. Aurkeztuko garen enpresa edo enplegatzaile motari buruz pentsatuko dugu, eta CV egokitu bat diseinatuko dugu, gure egiten jakitea eta gure trebetasunak nabarmentzeko, bereizteko, hautatuak izateko eta lan-elkarrizketa bat izatera iristeko.

 

Lan-elkarrizketak prestatu beharreko une kritikoa dira. Egiten dakigun guztia, nolakoak garen eta horrek kontratatuko gaituen pertsonari edo enpresari zer balio ematen dion nabarmentzeko prestatuko ditugu.

Informazio gehiagorako edo izena emateko bete formulario hau: https://forms.office.com/r/MDKKrYy1Pp edo 945891721 telefonora deitu eta WhatsApp bidez.

Aiarako Kuadrillarekin elkarlanean garatutako eta Vital Fundazioak finantzatutako ekintza.

LANBILA PROGRAMA

Aiara Industrial Lab sortu da, Aiaraldeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileak garatzeko eta startup-en sorrera, inkubazioa eta azelerazioa sustatzeko

Aiara Industrial Lab ekimena errealitate bihurtu da. Arabako Foru Aldundiak, Laudioko eta Amurrioko udalekin eta Aiarako Kuadrillarekin batera, ekimen hori aurkeztu du gaur. Aiaraldeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileak garatzeko eta proiektu berriak asmatzeko sortu da, eta Aiaralderako Berehalako Jarduera Planaren (BJP) parte da.

Eskualdean indargune horiei lotutako berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko ekimenak garatzeko aukera identifikatu zen BJPan, eta helburu horrekin sortu da Aiara Industrial Lab berrikuntza zentroa, zeinak Aiaraldeko enpresa hornitzaile eta laguntzaileen garapena sustatuko baitu, bai eta startup-ak sortu, inkubatu eta azeleratzeko programa bat ere.

Aiara Industrial Labek bitarteko eta zerbitzu aurreratuak eskaini nahi ditu, hala nola:

  • Berrikuntza irekiko sistema bat garatzeko zerbitzuak
  • Ekintzaileen, barne ekintzailetzaren eta startup-en garapenerako aholkularitza eta laguntza
  • Enpresa ekimen berriei laguntza estrategikoa, finantzarioa eta komertziala ematea
  • Eskualdeko behar espezifikoetara bideratutako prestakuntza

Zentroak gertuko lankidetza harremanak ezarriko ditu tokiko ingurunearen sustapen ekonomikoan diharduten eragile aktiboekin, baliabide publiko zein pribatuen osagarritasuna eta optimizazioa bilatuz.

“Aiara Arabako ekonomiaren eragilea izan da betidanik, eta funtsean bere industria indarrari esker izan da. Industria berrasmatzen ari da, eta Aiarak eraldaketa prozesu horren abangoardian egon behar du. Horretarako, funtsezkoa da erakundeek elkarrekin lan egitea eta eskualdeko ekonomia sarearekin lankidetzan aritzea”, azaldu du Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Saileko diputatuak.

Iritzi berekoa da Txerra Molinuevo Amurrioko alkatea. Esan duenez, “Gure eskualdea ekonomiaren eragilea da lurraldean, bere industriari esker. Proiektu horren bidez, bai Amurrio bai Aiara bultzatuko dira, eskualdean berrikuntza eta ekintzailetza sustatuz aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoa den eraldaketa horri aurre egiteko.”

Ander Añibarro Laudioko alkateak, bestalde, zera azaldu du: “Aiarak industria handia du, eta munduan eta bakoitza bere sektorean liderrak eta erreferenteak diren enpresak ere baditu. Lankidetza hitzarmen honek are bultzada handiagoa emango dio eskualdeko ekonomiari, eta lehiakorrago egingo du.”

Aiara Industrial Labek Amurrioko Refor eraikinean izango du egoitza. Han egin da aurkezpena, eta helburu nagusitzat izango du zentro bat abian jartzea, jarduera ekonomikoa handitzeko eta Aiarako enpresa eragileei gaitasun teknologiko berriak emateko, bai eta startup-ak erakarri, sortu eta azeleratzeko ere, batez ere eskualdean nagusi diren industria sektoreei begira. “Aiaraldeak enpresa handi ugari ditu, batez ere hodien, beiraren, automobilaren osagarrien, trenbideen eta zuraren transformazioaren sektoreetan, eta haien inguruan enpresa laguntzaile ugari biltzen dira”, azaldu du diputatuak.

Arabako Foru Aldundiak milioi bat euro bideratuko ditu akordio horretara, zeina eskualdean ekonomia sustatzeko jarduerak egiten dituzten agentzia publikoen bitartez antolatuko baita: Amurrio Bidean, Laudio Hazi eta Aiarako Kuadrillako Ekonomia Sustatzeko Zerbitzua, Araba Garapen Agentzia foru agentziarekin batera. Zentroak eskualdeko enpresekin eta beste eragile ekonomiko batzuekin lankidetzan aritzeko eskema bat prestatuko du, foro iraunkorren eta lantalde espezifikoen bidez, haien beharrak eta erantzunak identifikatzeko, betiere eskualdearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Aiara Industrial Lab

AZAROAREN 22tik ABENDUAREN 1era LAU IKASTARO EMANGO DIRA, ESKUALDEKO EKINTZAILEEI ETA ENPRESA TXIKIEI ZUZENDUTAKOAK

VITAL Fundazioak, Aiarako Kuadrillaren bidez, diruz laguntzen ditu ikastaro horiek, enpresa-proiektu berriak abian jartzea eta duela gutxi sortutako enpresak finkatzea errazteko helburuarekin.

 Ikusirik ekintzaileen artean harrera ona izan dutela prestakuntza “bizkor” horren aurreko edizioek, eta gero eta eskari handiagoa dagoela, eskualdeko udalek beste lau ikastaro antolatu dituzte elkarrekin, “ekintzailetza-pilulak” direlako formulan oinarrituta.

Ikastaroek lau orduko iraupena izango dute eta helburu nagusia da oinarrizko ezagutzak eskaintzea enpresa-ekimen berri bat abiaraztean edo negozio edo enpresa txiki bat kudeatzean zailtasun gehien ekartzen dituzten enpresa-kudeaketako arloetan (komertzialak, finantzarioak, fiskalak, etab.).

Saioetako bakoitzean, tartetxo bat egongo da bertaratutakoek zalantzak argitzeko edo giro lasaian bere esperientziei buruz hitz egiteko.

Informazio gehiagorako eta ikastaro guztietan edo horietako batean izena emateko, jarri harremanetan Amurrio Bidean elkartearekin 945891721 telefonoaren bidez edo autoempleo@amurriobidean.org helbide elektronikoaren bidez.

Deskargatu hemen informazio kartela: Ekimen_Tailerrak_eus

 

LANBILA. Ikasi lana bilatzen beste modu batera

Azaroaren 28tik abenduaren 5era izango da, Amurrio Bideanen instalazioetan, 09:15etatik 13:15etara.

Enplegua bilatzen laguntzeko zerbitzuarekin jarraitzeko, Amurrio Bidean-ek programa berri hau diseinatu du expres formatuan. 6 lan-saiotan garatuko da. Aiaraldean erroldatuta dauden eta orain arte lana bilatzen espero ziren emaitzak lortu ez dituzten eta beste modu batzuk ikertu nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago.

Pertsona askorentzat, lana bilatzeko estrategia lan-eskaintzetan izena ematea eta itxarotea da. Lanbila programaren helburua da parte-hartzaileei ikusaraztea hobe dela enplegua bilatzeko estrategia argi bat izatea eta horri jarraitzea. Beraz, beharrezkoa da jakitea zer lan-helburu dugun eta zer bereizten gaituen enpresengana hurbiltzeko.

Nork bere burua ezagutzeko eta diseinatzeko prozesua da Lanbila, lan-bilaketa hausnartuari ekiteko beharrezkoak diren tresnak garatuz.

Hasteko, gogoeta-fase bat egin behar da, helburu profesionalari lotutako indarguneak identifikatzeko. Pertsona bakoitzak bere lana bilatzeko prozesuari ekiteko ekintza-plan bat diseinatuko du. Bilaketa zuzendu nahi duen enpresa ehuna definituko da,eta trebetasun horiek bilduko dituen CV bat diseinatuko da, hautatuak izateko eta elkarrizketara iristeko. Azkenik, lan-elkarrizketak landuko dira. Enpresek pertsona baten edo bestearen alde egiten dute elkarrizketaren arabera. Pertsonentzako une kritikoa da hau, eta, behar bezala prestatu behar da.

Informazio gehiagorako edo izena emateko bete formulario hau: https://forms.office.com/r/MDKKrYy1Pp edo jarri harremanetan 945891721 telefonoan eta WhatsApp bidez.

Aiarako Kuadrillarekin elkarlanean garatutako eta Vital Fundazioak finantzatutako ekintza da Lanbila.

EL RINCONCITOKO ‘SUNAN’ PINTXOAK IRABAZI DU EPAIMAHAIAREN SARIA ETA USTAIKO ‘TRIKUHARRIA’ PINTXOAK HERRITARREN SARIA MIKOTURISMO EGUNAK 2022 PINTXO LEHIAKETAN

Azken hiru asteburuetan, XIX. Mikoturismo Egunak 2022ren barruan, Amurrio pintxo lehiaketa tradizionalean murgildu da. Lehiaketa gastronomikoan 10 establezimenduk hartu dute parte, bi sarietako bat eskuratzeko helburuarekin, epaimahaiak ematen duena eta herritarrek bozkatzen dutena.

“Amurrioko ostalaritza kalitatezko pintxo berritzaileak eskaintzen saiatu da aurten ere, eta hori herritarrek pintxoak dastatzeko orduan izan duten partaidetzan islatu da. Eskerrik asko guztioi Amurrio bizirik dagoen herria izaten laguntzeagatik”, adierazi du pozik Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Hiru asteburuko lehiaketaren ondoren, epaimahaiak adierazi du pintxorik onena 200 euroko saria eta plaka eramango dituen El Rinconcitoko ‘Sunan’ dela. Bestalde, herritarren iritziz, aurtengo pintxorik onena 150 euro eta plaka eramango dituen Ustaiko ‘TRIKUHARRIA’ izan da.

Azaroaren 2tik 18ra zabalik dago Amurrioko Gabonetako Erakusleihoen Lehiaketan izena emateko epea

Izan Amurrio, Amurrioko Merkatari Txiki eta Ertainen Elkartea 2022ko Gabonetako Erakusleihoen Lehiaketa antolatzeko lanean ari da. Parte hartzen duten saltokietan izena emateko epea azaroaren 2tik 18ra egongo da zabalik. Izen-ematea 670497108 zenbakira whatsapp bat bidalita edo izanamurrio@apymca.com helbidera mezu elektroniko bat bidalita egin daiteke. Aiarako eta Amurrioko lehiaketan, Izan Amurrioko (Apymca) kide diren edo ez diren saltoki guztiek parte har dezakete.
Aiarako lehiaketan izena ematea doakoa da, Amurrioko lehiaketaren kasuan, bazkideentzako izen-ematea doakoa da, eta
elkartekideek 25 €ordaindu behar dituzte.

Amateur erakusleihoa
Gaia librea da, baina establezimenduan saldu ohi diren gaiak eta/edo produktuak agertu beharko dira. Euskararen integrazioaren atalean, parte hartu nahi duten saltokiek gutxienez euskarazko 7 hitzeko testu bat eduki beharko dute lehiaketan parte hartzen duen erakusleihoan. Erakusleihoak abenduaren 9tik 21era egongo dira ikusgai. Berrikuntza gisa, aurten amateur erakusleiho izeneko kategoria berri bat egongo da. Sari ezberdinak egongo dira.