Azaroaren 16ra arte irekita egongo da Aiara eta Amurrioko Erakusleihoen IV. Lehiaketan izena emateko epea

Erakusleihoak abenduaren 9tik 20ra bitartean egongo dira ikusgai

AEKOk (Aiaraldeko Enpreseen Koordinaziorako Federazioa), Aiarako Kuadrillaren babesarekin, Eskualdeko Erakusleihoen IV. Lehiaketa deitu du Aiaran; aldi berean, Apymca-k (Amurrioko Merkatari Ertain eta Txikien Elkartea), Erakusleihoen IV. Lehiaketa antolatu du Amurrion, 2017ko Gabonetako Kanpainaren baitan. Aiarako lehiaketan parte hartu ahalko du Aiarako Kuadrillan merkataritza-, ostalaritza- edo zerbitzu-establezimendu bat eta erakusleiho bat duen edonork, betiere, balorazio tekniko bat egin ahal bada (barruan edo kanpoan). Amurriko lehiaketan parte hartzeko, establezimendua Amurrion egon beharko da. Izena emateko epea irekita egongo da azaroaren 16ra arte, eta Apymcaren egoitzan (Kultur Etxea), 945891200 edo 670497108 telefono-zenbakietara deituta, edo apymca@gmail.com helbide elektronikora idatziz egin daiteke. Aiarako izen-ematea doakoa da; Amurrion, aldiz, doakoa da Apymca-ko kideentzat, eta kide ez direnek 40 € ordaindu beharko dituzte.

Gai librea

Bi lehiaketetako gaia librea da, normalean establezimenduan saltzen diren artikulu eta produktuak agertzen diren bitartean. Erakusleihoak abenduaren 9tik 20ra bitartean egongo dira ikusgai. Antolatzaileek Gabonetan ekimen tradizional honetan parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei.

APYMCAk berritu egin du “Amurrio Txartela”, elkartearen merkataritza-txartela

Merkataritza-jarduera Amurrioko BPGd-ren % 11 da. Izan ere, “toki-merkataritza gure bizitza sozial ereduaren oinarrizko euskarria da, bai eta eragile ordezkaezina ere; gizarte-ekonomia sustatzen du, harreman sozialak bultzatzen ditu, eta herriko bizimodua sustatzen du” adierazi du Jon Aspuru Amurrioko Merkatarien Elkartearen presidenteak.

Amurrioko Merkatari Ertain eta Txikien Elkarteak (APYMCA) aukera baliatu nahi du gure herriko enpresa txiki eta ertainek duten garrantziaz kontzientziatzeko; kasu honetan, bereziki Amurrioko merkataritzak duen garrantziaz, zalantza barik tokiko ekonomiaren arteria bat baita.

Denda txikiak desabantaila-egoeran daude herritarren erosketa- eta kontsumo-ohiturei eragiten dieten beste merkataritza-formula batzuen aldean; horrexegatik, APYMCAk tokiko kontsumoaren balio erantsia azpimarratu nahi du, hainbat erremintaren bitartez, hala nola, AMT.

Elkartea hobekuntza-prozesuan murgilduta dago; hala, eta Amurrioko Udalarekin elkarlanean, txartel horri beste funtzionalitate batzuk eman nahi izan dizkio; esaterako, udal-zerbitzu hauek erabiltzeko aukera: liburutegia eta, etorkizunean, kiroldegia. Txartelaren bidez, halaber, Udalarekin lotuta eta helbideratu gabe dauden ordainketak egin ahal izango dira.

“Aurkezten ari garen proposamen honek, Amurrio Txartelak, gertueneko errealitatearekin lotzen gaitu. Amurriorako berariazkoa da, eta herriko zerbitzu publikoekin lotuta dago; hau da, merkataritzaz haragoko gestioak errazten ditu” zehaztu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

APYMCAren merkataritza-erreminta honek irudi berria dakar, amurrioarrek beren herriarekin bat egin dezaten.

Haren merkaturatzea ospatzeko, ondoko promozioak egingo dira:

  • Azaroaren bigarren hamabostaldian, 5, 10 eta 50 euroko hobariak zozkatuko dira, eta automatikoki sartuko dira txarteletan.
  • Abenduan, aisialdi-sortak zozkatuko dira: “ongizatezko 3 egun” gozatzeko 11 VIP kutxa.
  • Gainera, hurrengo erosketetarako deskontuak pilatzen jarraituko dira.

Azaroaren 5ean, beste urte batez, Mikoturismo Eguna egingo dugu Amurrion, besteak beste pilotalekuko perretxiko-erakusketa tradizionalarekin

Aurtengo udazkenean ere, 2017ko Mikoturismo Egunak antolatuko ditugu Amurrion, hamalaugarren aldiz, urriaren 21, 22, 28 eta 29an eta azaroaren 4 eta 5ean. Egun horietan, perretxikoek toki berezia izango dute menu gastronomikoetan, pintxo-lehiaketak eta hitzaldiak egingo dira, eta Arriola Elkarte Mikologikoak, ohi bezala, perretxikoak sailkatu eta haiekin erakusketa bat antolatuko du.

XIV. MIKOTURISMO EGUNAK 2017

URRIAREN 21, 22, 28 eta 29an ETA AZAROAREN 4 eta 5ean: Perretxikoekin egindako Pintxoen XII. Lehiaketa

Dastatzea taberna hauetan: Akeita, Atxubi, El Crucero, Kili Berria, El Rinconcito, La Bodeguilla, La Reunión, La Terraza, Guk eta Txoko Gorri.

Tabernentzako saria:

  • Pintxorik onena, epaimahaiak bozkatuta: 200 € eta plaka.
  • Pintxorik onena, herritarrek bozkatuta: 150 € eta plaka.

2017ko pintxorik onena aukeratzeko botoa eman nahi duten herritarrek gutxienez 6 pintxo dastatu beharko dituzte.Bozketan parte hartzen dutenen artean 250 €-ko bi sari zozketatuko dira, eta Apymca elkartera atxikitako establezimenduetan gastatu ahal izango dituzte.

URRIAREN 21, 22, 28 eta 29an ETA AZAROAREN 4 eta 5ean:Menu gastronomikoak

Sasoiko perretxikoekin eginiko menu gastronomikoak, jatetxe hauen eskutik: Abiaga (28 € + % 10eko BEZa, edaririk gabe), Bideko (43,00 € + % 10eko BEZa).

AZAROAREN 4an, LARUNBATA:Perretxikoak sailkatzea

18:00etatik 20:00etara, perretxikoak sailkatuko dira udal-pilotalekuan, Arriola Elkarte Mikologikoaren eta Alberto Villanueva mikologoaren eskutik. Sailkapenean edonork parte har dezake. Interesdun oro ikusle gisa joan daiteke, zalantzak kontsultatu eta bildutako espezieak eraman, sailkatzeko.

AZAROAREN 5ean, IGANDEA:

Mikoturismo Egunak ekimenaren amaierak bat egingo du Mendiko Lagunak elkarteak urtero antolatzen duen “Garobel” ibilaldiarekin.

  • 10:00etatik 14:00etara: Artisau-produktuen azoka eta salmenta (Larrinaga kalea).
  • 11:00-14:00: Perretxikoen erakusketa udal-pilotalekuan, Arriola Elkarte Mikologikoaren eskutik.
  • 13:30ean: Epaimahaiak saria emango dio Perretxikoekin egindako Pintxoen XII. Lehiaketa irabazten duen tabernari.

AMURRIO BIDEANEN INSTAGRAM-A

Amurrio Bideanen Instagram kontuan “Cofre Vip” kaxa bat zozkatuko da, Araba bidaia-agentziaren eskutik, Mikoturismo Egunak 2017 ekimenarekin lotutako landa-bidaia bat egiteko.

* ARRIOLA ELKARTE MIKOLOGIKOAK ZALANTZAK ARGITU ETA PERRETXIKOAK SAILKATZEN LAGUNTZEN DIE HALA NAHI DUTENEI: urteroko legez, perretxikoen goreneko denboraldia iritsi dela eta, Amurrioko Arriola Elkarte Mikologikoa prest dago amurrioarrei zalantzak argitzeko edo aleak identifikatzen laguntzeko. Elkarte horretako kideek Amurrioko Kultur Etxean duten egoitzan eskaintzen diete laguntza herritarrei, izan ditzaketen zalantzei erantzunez, urritik abendura bitarteko astearte guztietan, 18:30etik 19:30era bitartean.

Berrikuntzari eta proiektuen kudeaketari buruzko ikastaro bat emango da, enpresen eskaerari erantzunez.

Amurrio Bidean-ek Berrikuntzari eta proiektuen kudeaketari buruzko 35 orduko ikastaro bat emango du azaroaren 9tik 30era

Berrikuntza ezinbestekoa da enpresentzat, merkatuan jarraitu ahal izateko. Bezeroak, haien beharrak eta eskakizunak aldatu egiten dira eta, beraz, haientzat sortzen diren produktu eta zerbitzuek ere aldatu egin behar dute.

Enpresek badakite hori dela errealitatea, baina eguneroko kontuak eta baliabide falta direla eta, askotan alde batera uzten dute enpresetan berrikuntza-prozesuak ezartzea, eta beste gauza batzuei ematen diete lehentasuna. Hori akatsa da, noski.

Enpresak aurrea egin dezan eta arrakasta izan dezan, ezinbestekoa da berrikuntza sistematizatzeko tresnak erabiltzen ikastea, agenda bat sortzea eta hori guztia antolakuntzaren egunerokoan barneratzea. Horrez gain, lagungarria da SCRUM tresna ezagutzea, hau da, proiektuak kudeatzeko metodo arina, hautemandako berrikuntzak ezartzeko. Hori dela eta, prestakuntza-ekintza hau egingo da ReforAmurrio Enpresaldean astelehen, astearte eta ostegunetan, 17:00etatik 20:30era.

Azaroaren 6tik 27ra ordenagailuak instalatzeko, mantentzeko eta konpontzeko ikastaroa egingo da

Hardware mihiztaketa, software kontuak eta sareen instalazioaren oinarriak ikastea modu ona da informatikaren munduan sartzen hasteko. Aurretik informatikari buruzko ezagutzarik ez duten eta mundu horrekiko interesa duten pertsonentzat da. Prestakuntza hau egin ondoren, parte-hartzaileak gai izango dira ordenagailuak instalatzeko, sare txikiak muntatzeko eta makinetan konponketa txikiak egiteko. 78 orduko ikastaroa da, eta astelehenetik ostiralera emango da, 09:30etik 13:30era.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko, jarri harremanetan Amurrio Bidean-ekin, 945891721 telefono-zenbakira deituta edo empresa@amurriobidean.org helbidera idatzita.

Enplegua bilatzeko motibazio-pilulak

Jarduera hau, Amurrioko Udalaren Gazte Enplegu Planak diruz lagundua, ReforAmuriro Enpresaldean egingo da lau asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara

Lau saio gidatu egingo dira: lau coachek, saiootan, enplegu-bilaketaren prozesuari ekiteko eta prozesu hori sormenez gauzatu eta nahi den enplegua lortzeko baliabide oso erabilgarriak azalduko dituzte.

Jorge Ortiz de Urtaranek piluletako lehenengoa gidatuko du, urriaren 18an: “¿Y ahora por qué no? Si trabajamos un tercio de nuestro día… Mejor hacerlo en algo que realmente nos guste” (Eta orain zergatik ez? Gure egunaren herena lanean igarotzen badugu… Hobe benetan gustatzen zaigun zerbaitetan jardun).

Bigarren saioa, urriaren 25ean, Sergio Ezpeleta kirol arloko coachak gidatuko du, eta emozioak kudeatzen ikasteko dinamikak eta tresnak landuko ditu. Haren beraren hitzetan: “Zeu zara zure bizitzan agintzen duen bakarra; erabaki nor izan nahi duzun”.

Hirugarren saioan, azaroaren 8an, Atlantako 96ko Jokoetan urrea eraman zuen gimnasta olinpiko bat arituko da hizlari: Estibaliz Martinez. Urrea lortu ostean, kirol-ibilbidea utzi behar izan zuen lesio baten ondorioz. Martinezek, bere esperientzian oinarrituta, bizitzaren aldaketetara optimismoz eta jarrera onez moldatzearen garrantzia azalduko du.

Azkenik, Aitor Carmonak, azaroaren 15ean, “Tu actitud cuenta más que tu currículo” (Zure jarrera zure curriculuma baino garrantzitsuagoa da) izeneko saioan, lan-merkatura arrakastaz sartzeko eskuragarri ditugun baliabideak deskubrituko dizkigu.

Saio hauen guztien helburua da parte-hartzaileak ahalduntzea eta nahi dugun lana lortzeko eskura ditugun askotariko tresna baliotsuak erakustea. Izan ere, ahal dela sinestea, ahal izateko lehen urratsa da.

Saio hauek enplegu bila dabiltzan edo lan-munduaren aldaketei aurre egiteko motibazioa lortu nahi duten pertsonentzat antolatu dira; bereziki, kalitatezko lehen enpleguaren bila dabiltzan gazte amurrioarrentzat.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko, jarri harremanetan Amurrio Bidean-ekin, 945891721 telefono-zenbakira deituta edo empresa@amurriobidean.org helbidera idatzita.

CARTEL PILDORAS EUSKERA

Amurrioko Udalak 2017rako laguntzen deialdi bat onartu du gure udalerrian enpresa txikiak ezartzeko

Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 20an amaituko da eta diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 2.000 eurokoa izango da ekimen ekintzaile bakoitzeko.

Amurrion enpresa txikiak ezartzeko laguntzak eskatzeko epea ireki da. 20.000,00 euroko udal-partida bat bideratu da, ordenantzan jasotako betekizunak betetzen dituzten eta eskaera ezarritako epeetan aurkezten duten onuradunen artean banatzeko. Gehienez ere, 2.000,00 € euroko diru-laguntza eskuratu ahal izango da, baina zenbateko txikiagoa ere eskuratu daiteke; izan ere, 20.000,00 euroak eskatutako betekizunak betetzen dituzten ekimen edo enpresen artean hainbanatuko dira.

Onuradunek Amurrion erroldatuta egon beharko dute duela bi urtetik gutxienez eta Amurrion enpresa-ekimen bat abian jarrita izan beharko dute 2016ko azaroaren 21aren eta 2017ko azaroaren 20aren artean, deialdian adierazitako beste betebehar batzuen artean.

Diru-laguntzaren onuradunek izan dituzten gastuak justifikatu beharko dituzte; horretarako, jatorrizko fakturak eta horien ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz: enpresa eratzearen eta abian jartzearen ondoriozko gastuak, lokala alokatzeko gastuak, jarduera garatzeko eginiko marketin- eta inbertsio-gastuak eta antzeko beste gastu batzuk.

Informazio gehiago eskuratzeko, Udalaren webgunea (www.amurrio.org) kontsulta daiteke, edo Amurrio Bideanekin harremanetan jarri (telefono zk.: 945891721; helbide elektronikoa: autoempleo@amurriobidean.org).

Dirulaguntzaren_Laburpena_2017

ANEXO1_eu

ANEXO2_Hirugarren_Interesatua