Ikaskuntza Bitartekaritza Zerbitzuak, doako prestakuntza-aholkularitza eskaintzeaz gain, EAEko prestakuntza guztia jasotzen du
Amurrio Bideak duela 12 urte baino gehiagotik eskaintzen du zerbitzua Aiaraldeko Haranean, Orozkon eta Urduñan
2018an zehar zerbitzua gehien erabili zutenak Amurrioko emakume langabeak izan ziren, 25 eta 35 urte bitartekoak eta ikasketak zituztenak. Hala ere, erabiltzaileen artean ikasleak, jarduneko langileak edo erretiratuak eta ezintasun iraunkorrak dituzten pertsonak ere badaude. Zerbitzuaren helburua ez da guztiz profesionala; izan ere, Aiarako Haraneko, Orozkoko eta Urduñako herritarren artean etengabeko ikaskuntza ere sustatu nahi du.
Amurrio Bidean zerbitzuak hiru egiteko ditu: lehenik eta behin, bere ekintza-eremuko prestakuntzaren inguruko informazioa biltzea; ondoren, informazio hori Eusko Jaurlaritzaren hiru.eus ikastaro-bilatzailearen bidez mekanizatzea, eta, azkenik, mailingaren bitartez datu horiek Garapen Agentziaren zerbitzuan izena eman duten pertsonen artean zabaltzea. Horrez gain, doako laguntza eskaintzen zaie prestakuntza-aholkularitza eskatzen dutenei: bai posta elektronikoz, bai telefonoz eta bai banakako elkarrizketen bitartez.
Zerbitzua prestakuntza eskaintzen duten eta erabiltzaileekin lotura duten erakundeen artean ere zabaltzen dute: Lanbideren tokiko bulegoak, gertuko udalak, Zaraobe Institutua, tokiko elkarteak…
Interneten eta etengabeko informazio-sarbidearen garaian, arazo nagusia pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako prestakuntza aukeratzea da. Prestakuntza jaso nahi duen pertsonak zuzena, zehatza eta gardena ez den informazioa topatzen du askotan… Horregatik, edukiak bilatu, ebaluatu eta hautatzea (hori da zerbitzuaren egitekoa) ezinbestekoa da prestakuntza jaso nahi duten pertsonei begira.
Normalean, pertsona batek zerbitzura jo eta informazio jakin bat eskatzen duenean, elkarrizketaren eta egoera nahiz helburu pertsonal, sozial eta profesionalen analisiaren ondoren prestakuntza-ibilbide pertsonalizatu jasotzen du, bere hasierako ideia baina xehatuagoa. Ibilbide horrek aurreikusi dituen helburuak betetzen lagunduko dio pertsonari.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak finantzatzen duen zerbitzu honi esker, aurreko urtean eskualdeko 200 pertsona baino gehiagok jaso zuten laguntza banakako elkarrizketen, telefono-arretaren, posta elektronikoaren edo sare sozialen bidez.
Zerbitzuaren inguruko informazioa eskuratzeko edo banakako elkarrizketa bat eskatzeko, jarri harremanetan Amurrio Bideanekin 945891721 telefono-zenbakira deituz edo formacion@amurriobidean.org helbide elektronikora mezu bat bidaliz.