WordPress komunitate ofizial bat sortu da Amurrion

Lehenengo bilera ekainaren 22an izango da, 19:00etan, Reforramurrio Enpresaldean

WordPress Fundazioa 2010ean sortu zen, wordpress edukien kudeaketa-sistemaren sortzaile Matt Mullenweg-en eskutik. Helburua zen WordPressen eta kode libreko komunitatearen iraupena eta sustapena bermatzea eta sarean edukien argitalpena demokratizatzea.

Helburu horrekin sortu dira tokian tokiko komunitateak, hain zuzen ere, parte-hartzailek beren artean ezagutzak, esperientziak eta abar partekatzeko. Gaur-gaurkoz 440 komunitate daude mundu osoan, eta hau hirugarrena da Euskadin (Bilbon dago bat, eta bestea Irunen).

2017ko maiatzaren 23an, Amurrioko Wordpress Komunitatea sortu zen ofizialki, wordpress erabili nahi duten edo lehendik erabiltzen duten pertsona guztiek ezagutza hauek edo IKTekin lotutako beste batzuk partekatzeko aukera izan dezaten. Komunitatean parte har dezakete bai garatzaileek, diseinatzaileek, marketineko profesionalek eta blogariek, bai aurretiko prestakuntzarik izan gabe ere ikasi nahi duten pertsonek. Komunitate bakoitzak bere jarduerak antolatzen ditu, beti borondatez, eta berak ezartzen ditu egokitzat jotzen dituen saioak, parte-hartzaileen aukeren arabera (normalean hilean behin izaten dira).

Wordpress Amurrioren lehenengo bilera (meetup) ekainaren 22an izango da, 19:00etatik 20:45era. Bertan, aurkezpen bat egingo da, eta hurrengo saioetan jorratu beharreko gaiak, ordutegiak, egunak eta abar erabakiko dira.

Komunitatean parte hartu nahi dutenek wpamurrio.es webgunean eman behar dute izena, eta, informazio gehiago nahi izanez gero, wpamurrio@gmail.com helbidera idatz dezakete.