Erakusketa batek Arabako erakargarri turistiko nagusiak erakutsiko ditu Elexondo pasalekuan

Gaurtik aurrera ikusgai egongo da irudiz eta testuz hornitutako tamaina handiko kuboz osatutako aire zabaleko erakusketa bat, zeinak bertakoei eta bisitariei erakutsiko dizkien Arabako erakargarriak eta natura, kultura, ondare eta gastronomia baliabideak. Eleoxondo Pasalekuan egongo da instalazioa, eta irekita egongo da datorren uztailaren  14ra arte.

‘Galbide txokoak Araban’ izeneko erakusketa Arabako baliabide turistiko nagusiak deskribatzen dituen irudiz eta testuz hornitutako tamaina handiko bederatzi kuboz osatuta dago. Kubo horietatik zazpi Gasteizko, Aiaraldeko, Arabako Errioxako, Gorbeialdeko, Añanako, Mendialdeko eta Arabako Lautadako kuadrillei buruzkoak dira; hain zuzen ere, zazpi kuadrillei buruzkoak, eta haietariko bakoitzaren espazio natural eta ondare garrantzitsuenak erreproduzitzen ditu.

Hauexek dira haietariko batzuk: Garobel mendilerroa eta txakolinaren ibilbidea Aiaraldean; Caicedo Yusoko lakua eta Gatz Harana Añanan; Gorbeiako parke naturala eta eltzegintza museoa Gorbeialdean; Vasco-Navarro trenbidearen ibilbide berdea eta Urizaharra eta Antoñana Erdi Aroko herriak Mendialdean; Guardia, Labraza eta beren mahastiak Arabako Errioxan; Aizkorri-Aratz eta Agurain Lautadan, eta Eraztun Berdea eta Erdi Aroko almendra Gasteizen.

Gainera, QR kodeak dauzkate bisita birtualak egiteko hainbat lekutan: Gasteizko Santa Maria katedrala, Santa Katalinako lorategi botanikoa, Izkiko parke naturala, Alaitza eta Gazeoko elizetako horma pinturak, Landako probintzia parkea, Kexaako monumentu multzoa, eta foru sareko hainbat museo, hala nola Arte Ederren Museoa eta Bibat Arkeologia eta Karta Museoa.

Beste bi kuboetan informazio praktikoa ematen da Arabako mapa turistiko handi baten eta Gasteiz eta lurraldeko beste eskualdeak lotzen dituen herri arteko garraiobideen foru sarearen mapa baten bidez; gainera, jaiei, Arabako gastronomiari eta kirol eta kultura ekitaldi nagusiei buruzko datuak jasotzen dira: San Prudentzio jaiak, Andra Maria Zuriaren jaiak, Azkena Rock Festival, Jazz jaialdia, Gasteizko triatloia eta abar.