Amurrioko Udalak eta Amurrio Bidean sozietateak GAZTE ENPLEGU PLANA abiarazi dute: praktika ordainduak enpresetan eta beste prestakuntza-ekintza batzuk
Amurrioko Udalak, Ekonomi Sustapen eta Enplegu Sailaren bitartez eta Amurrio Bidean sozietate publikoarekin batera, GAZTE ENPLEGU PLANA proiektua taxutu du. Proiektu horrek, hiru garapen-ildo dauzka eta 20 eta 44 urte arteko gazteentzat antolatu da.
“Udalean bildutakook, lehenengo lan-esperientzia eskuratzea zaila denez ikusita, apustu handia egin dugu herriko gazteen beharrak betetzeko. Hori dela eta, gure ustez, ekimen hori aukera paregabea da gazte amurriarrentzat, prestakuntzaren gaineko ekimena ez ezik lanbide-bizipena ere delako”, azaldu du Gazteria zinegotzi Miren Saratxagak.
Amurrioko Planaren lehenengo jarduera hau da: Hazilan programan parte hartuko duten gazteek praktikaldian edo proiektuaren barruan negozio-ideiaren bat garatzen duten bitartean ordainsaria (hilean, 600 eta 800€ artean, 4 hilabetez) jasoko dute. Hamabi gaztek jasoko dute ordainsaria.
Bigarren jarduerak –besteak beste, zeharkako gaitasunak eta gizarte- nahiz komunikazio-gaitasunak eskuratzean datzana– hauxe proposatzen du: eragin handiko motibatzeko lau pilula egitea, coach aditu batzuen eskutik, urriaren 18an eta 25ean eta azaroaren 8an eta 15ean (asteazkenak guztiak). Saioak arratsaldeko seietan izango dira, El Refor instalazioetan.
Tania Lamarca, gimnasia erritmikoko gimnasta ohia –urrezko domina olinpikoa duena– izango da jardunaldiaren txostengileetako bat. Saio horiek, gazteak, bizitza pertsonalean nahiz profesionalean lortu nahi dutena lortzera bultzatu nahi dituzte.
Hirugarren ekintza ekintzailetza proiektuen bizkortzailea martxan jartzea da: negozio-ideiaren bat dutenei eta ekintzaile izateko gaitasuna aztertu nahi dutenei laguntza profesionala eta aditua emango zaie.
Horiek horrela, hainbat saio antolatu dira negozio-plana taxutzen ikasteko, baita gaikako saioak eta burutu nahi diren ideiei dagozkien sektoreekin loturiko martxan badauden ekimenak bisitatzeko aukera ere. Halaber, laguntza pertsonalizatua emango da, profesional adituen eskutik, negozio-ideia garatzen den bitartean.
Gazte Enplegu Plana Amurrio Bidean Amurrioko Udaleko tokiko garapen-agentziak kudeatuko du. Interesdunek jo hona planari buruz gehiago jakiteko edo izena emateko:945891721 telefonoa edo empresa@amurriobidean.org helbide elektronikoa.