Tag Archive for: #Amurrio

AIARALDEAN EKIN: AIRALADEAN EKINTZAILETZA INSPIRATZEKO, KONEKTATZEKO ETA INDARTZEKO HIRU JARDUNALDI BERRI

Lehen jardunaldia datorren azaroaren 20an izango da Amurrioko Albizabal Ostatuan

Ekimen honek aurreko bi edizioetan izandako harrera bikainaren ondoren, eskualdeko udalerriak berriro batu dira, inguruko ekintzaileei eta profesionalei zuzendutako hiru saio berri antolatzeko. Saio horiek Aiaraldeko hainbat gune eta negoziotan egingo dira.
Amurrio Bidean, Zabaia Landa Garapenerako Elkarteak eta Laudio Hazik, Aiaraldeko Koadrilaren bitartez eta Fundación Vital Fundazioaren laguntza ekonomikoarekin, programa hau bultzatzen dute berriro tokiko ekintzailetza eta enpresa sarea indartzeko helburuarekin, prestakuntza praktikoa, inspirazioa eta topaketarako espazioak eskainiz.

Prestakuntza praktikoa salmentei aplikatutako IArekin
Lehenengo bi tailerrek merkataritza-estrategia izango dute ardatz, eta Adimen Artifizialaren erabilera txertatuko dute edukiak, prozesuak eta txantiloiak sortzeko, salmenten kudeaketa errazteko eta optimizatzeko.
Metodologia praktiko batekin lan egingo da, parte-hartzaileek beren proiektuetan edo negozioetan ikaskuntzak modu arin eta errazean aplikatu ahal izan ditzaten.
Saio biak Ana Blancok emango ditu, Bentas taldeko aholkularia eta gaian aditua denak.

EKIN TOPAKETA: konektatzeko eta hazteko topaketa inspiratzailea

Berrikuntza gisa, aurten EKIN TOPAKETAREN lehen edizioa egingo da, Aiaraldeko ekintzaileen arteko topaketa, konektatzeko, esperientziak partekatzeko eta konfiantza sortzeko gune inspiratzaile gisa sortua.
Azken jardunaldia Kexaako Arcos hotelean (Aiara) izango da eta aurtengo egitarauari amaiera emango dio. Maria Olarte coach profesionalak parte hartuko du, eta motibaziozko hitzaldi labur bat eskainiko du eta mahai-inguru bat dinamizatuko du, non tokiko hiru ekintzailek beren esperientziak partekatuko dituzten. Ekitaldiari amaiera emateko, luntxa egingo da giro lasai eta hurbilean, Aiaraldeko komunitate ekintzailea indartzeko eta sareak ehuntzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero edo jardunaldiren batean izena emateko Amurrio Bidean elkartearekin harremanetan jar zaitezke 945891721 telefonoan edo autoempleo@amurriobidean.org helbide elektronikoan.
edo izena emateko formularioa bete esteka honetan:

Inskripzioen esteka

 

Amurrio Racek pistako bi erronkarekin ekingo dio denboraldi berriari.

Amurrio Bideanek Amurrio Race taldearen 2025–2026 ikasturtea jarri du abian, teknologia, berdintasuna eta komunitatea batzen dituen hezkuntza- eta kirol-proiektua.

Programaren edizio berria urriaren 6an hasiko da eta maiatzaren 25era arte iraungo du, astelehenero 18:15etik 20:15era lan saioekin, proiektuaren kolaboratzaile den Zaraobe BHIko instalazioetan. Kart-a eta ekipoa Nafarroan eta Bilbon egitekoak diren bi lasterketa ofizialetan parte hartzeko prestatzea izango da helburua, antolatzaileek ezarritako egutegiari jarraituz.

 

Amurrio Race praktikatik ikasi nahi duten gazteentzat da (Amurrioko ikastetxeetan matrikulatuta dauden 11 eta 16 urte bitarteko neska-mutilentzat). Lan-saio horietan, kart-a muntatzen eta hobetzen, komunikazioa prestatzen edo, batzuetan, ibilgailuan egindako aldaketak probatzen aritzen da taldea. Parte-hartzaile bakoitza lan-talde batean sartuko da, eta diseinuaren, mekanikaren edo komunikazioaren arloko ardurak hartuko ditu bere gain. Horrez gain, pilotajea egingo du, eta parte-hartzaile guztiek partekatuko dute. Horrela, beren lehiaketa-kart elektrikoa diseinatzen, kalkulatzen, fabrikatzen, probatzen eta aurkezten dute. Taldea urratsez urrats doa, monitore adituen tutoretzapean, lasterketetara iritsi arte. Han, ibilgailua eta taldearen koordinazioa probatzen dira. Esperientziari esker, gaitasun zientifiko-teknologikoak gara daitezke talde-trebetasunekin, komunikazioarekin eta lidergoarekin batera.

 

Proiektuaren fase bakoitzean segurtasuna bermatuta dago, ikuskatutako autoekin, berrikusitako balaztekin eta nazioarteko arauen arabera ekipatutako pilotuekin. Ikaskuntza helburu argi batera bideratzen da: teoriatik boxera pasatzea, STEAM gaitasunak landuz eta baita komunikazio eta talde lanerako trebetasunak ere. Berdintasuna gauza erreal gisa bizi da, neskek zein mutilek gidatzen, diseinatzen eta gidatzen baitute, parekotasun baldintzetan. Hori guztia komunitatean garatzen da, Euskadiko hainbat zentro lotuz, baita nazioartekoak ere, eta horrek gertuko erreferente profesionalak ematen ditu. Gainera, tokiko enpresak taldearekin lotzen dituzten babes-aukerak lantzen dira.

Interesa dutenek Amurrio Bideanen dute informazioa (945 891721 telefono eta whatsapp/ empresa@amurriobidean.org).

“Buruarekin lehiatu, taldean ikasi eta etorkizunerako bidea ireki”, laburbiltzen du Amurrio Race-ren espiritua, gazteen, familien eta erakundeen ahaleginari esker Amurrion hazten jarraitzen duen proiektua.

Laneratzea Hazilan+ekin: gaitasunak, orientazioa eta 6 hilabeteko praktikak bekarekin

Garrantzitsua. Amurrion erroldatuta dauden pertsonek bakarrik izango dute lan-orientaziorako eta bekadun praktikak egiteko aukera (8 beka, 830 €/hileko gordina, 6 hilabete; oinarrietan jasotakoaren arabera).

Hazilan+ 2025 laneratzeko ibilbidea da, zure enplegu-bilaketan benetako jauzia eman dezazun pentsatua, orainarte bederatzi ediziotan garatu duguna. Aktibatu (30 ordu) bloke trinkoarekin hasten gara – autoezagutzan, komunikazioan, talde-lanan eta emozioen kudeaketan sakontzen dugu- eta zure kandidatura tresna praktikoekin garatzen laguntzen dizugu. Oinarri honi bi tailer gehitzen zaizkio, parte-hartzaile guztientzat irekiak: Lan-elkarrizketak (azaroaren 12an) eta LinkedIn (azaroaren 19an); hauekin zure profila fintzen eta segurtasunez aurkezten entrenatuko zara.

Amurrion erroldatuta bazaude, programak lan-orientazioa gehitzen du helburuak zehazteko, enpresak lehenesten, elkarrizketak prestatzen eta jarraipena egiten laguntzeko. Taldean garatzen den fasea urriaren 20tik 24ra eta abenduaren 12an (9:00–14:00) izango da, eta banakako tutoretzak iraila – abenduaren bitartean izango dira.. Gainera, programari amaiera emateko aukera izango duzu enpresan 6 hilabeteko bekadun praktikak eginez (2025eko abendua–2026ko ekaina), 830 €/hileko gordineko Amurrioko Udalaren 8 bekarekin, hautagarritasun-oinarrien arabera.

Ibilbide osoan zehar, IAk nola lagun diezazukeen ere ikasiko duzu: CVa fintzeko, elkarrizketak prestatzeko, eskaintzak aztertzeko eta bilaketa-agenda antolatzeko, prompt erabilgarriak eta praktika onak (erraz aplikatzeko moduan) erabilita. Emaitza kandidatura argiago, ikusgarriago eta koherenteagoa izango da: laguntza bisualarekin eguneratutako CVa, LinkedIn profila optimizatua, 30–60 segundoko elevator pitch-a, aukera-mapa (rolak/sektoreak) eta ekintza-plana zeregin zehatzez eta kandidaturen jarraipenerako kit batez.

Daten laburpena.
Programaren aurkezpena: irailaren 24a (10:30–12:30).
Aktibatu: urriaren 3, 6, 7, 8, 9 eta 10 (9:00–14:00).
Orientazioa (Amurrion erroldatutakoak bakarrik): taldekoa urriaren 20–24 eta abenduaren 12 (9:00–14:00) + banakako tutoretzak: iraila–abendua.
Tailerrak: Elkarrizketak (azaroaren 12a) eta LinkedIn (azaroaren 19a).
Praktikak (Amurrion erroldatutakoak bakarrik): 2025eko abendua–2026ko ekaina.
Lekua: Amurrio Bidean – Refor Amurrio Enpresaldea (El Refor s/n).

Egutegi orientagarria: xehetasunak taldearekin adostu daitezke.

Nori zuzenduta.
Langabezi egoeran dauden pertsonak, LH (Erdi/Goiko Maila) edo unibertsitate-titulazioa dutenak.

Lan-orientaziora eta bekadun praktikak egitera sartzeko, Amurrion erroldatuta egotea beharrezkoa da.

Nola izena eman.
Irailaren 1etik aurrera irekita. Lehenik, Pertsonen Atarian erregistratu (https://amurrio.tganet.net/amurrio_pertsonen_ataria/ – edo kontua baduzu, hasi saioa). Ondoren, sartu Formazioa → Hazilan+ atalean eta sakatu Izena eman.

Finantzaketa eta koordinazioa. Ekintza POPV FSE 2021–2027 Hazilan+ markoan kokatzen da, FSEren %40ko kofinantzaketarekin eta GARAPENek (Garapen Agentzien Elkartea) koordinatuta.

Onartuen behin-behineko zerrenda

“Amurrio Berrikusi zure poltsan” kanpaina: tokiko merkataritza babestu eta poltsa esklusiboa eskuratu

Amurrioko Udala eta Amurrio Bidean erakundeak martxan jarri dute “Amurrio Berrikusi zure poltsan” kanpaina. Ekimen honen helburua da Amurrio Berrikusi programari atxikitako tokiko establezimenduetan kontsumoa sustatzea, eta erosleei edizio mugatuko poltsa esklusibo bat oparitzea.

Parte hartzeko epea

Kanpaina 2025eko uztailaren 7tik 20ra egongo da indarrean. Epe horretan, programa honetan parte hartzen duten establezimenduetan erosketaren bat egiten duen edozein pertsonak parte har dezake, tiketa aplikazioaren bidez igota.

Parte hartzeko jarraibideak

Parte hartzeko, honako pausoak jarraitu behar dira Amurrio Berrikusi aplikazioaren bidez:

  1. Sartu aplikazioan eta sakatu AB botoia.
  2. Aukeratu “Leialtasun-txartelak” atala.
  3. Hautatu “Amurrio Berrikusi zure poltsan” kanpaina.
  4. Igo 2025eko uztailaren 7 eta 20 bitartean egindako erosketa baten tiketa, betiere parte hartzen duten establezimenduetako batean egina bada.

Ez da gutxieneko gasturik eskatzen parte hartzeko.

Lehenengo 200 pertsonek, prozesua behar bezala burutzen badute, kupoi digital bat jasoko dute, aplikazioaren Club AB / Nire kupoiak atalean eskuragarri egongo dena.

Kupoia trukatzea

Kupoia eskuratzen duten pertsonek Amurrio Berrikusi logodun poltsa esklusiboa jaso ahal izango dute Amurrioko Turismo Bulegoan, uztailaren 23tik 31ra bitartean, kupoia aurkeztuta.

Kupoia aplikazioan bertan erakutsi edo formatu inprimatuan aurkeztu daiteke.

Amurrioko Udalak eta Amurrio Bidean erakundeak eskerrak eman nahi dizkiete herritarrei tokiko merkataritzarekin duten konpromisoagatik, eta gogorarazi nahi dute halako ekimenek udalerriko ekonomia dinamizatzen eta gertuko merkataritza-sarea indartzen laguntzen dutela.

Amurriok Euskadiko Autore Hanburgesen III. Lehiaketa hartuko du ekainaren 1ean

  • Zuzeneko musikaz, doako dastaketaz eta bertako edariez lagunduriko ekitaldi gastronomikoa

Euskadiko hiru harategi- eta txerriki-elkarteek —ASELCAR (Araba), HARAKINAK GIPUZKOA (Gipuzkoa) eta OKELBIZ (Bizkaia)— Euskadiko Autore Hanburgesen III. Lehiaketa antolatuko dute datorren ekainaren 1ean, igandea, Amurrioko parkean. Lehiaketa Tolosan ospatutako lehen edizioen arrakastaren ondoren iritsiko da Amurriora.

Ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesarekin eta Amurrioko Udalaren laguntzarekin egingo da. Bertan, sektoreko profesionalek bi kategorietan lehiatuko dute: hanburgesa tradizionala eta berritzailea. Epaimahai espezializatu batek proposamenak baloratuko ditu, eta Euskadiko gourmet hanburgesarik onenak aukeratuko ditu.

Lehiaketa profesionalaz gain, herritarrek hanburgesa-dastaketa doakoaz gozatu ahal izango dute, giro herrikoian. Horrez gain, tokiko ekoizleen edarien postuak izango dira, hala nola Barañano vermuta, Artomaña Txakolina eta Troj garagardoa.

Jardunaldia GWA YA musika taldearen zuzeneko emanaldiarekin girotuko da. Taldea Amurriokoa da, eta 12:30etik 14:00etara bitartean arituko da oholtzan.

Amurrio Berrikusi-k bere lehen urteurrena ospatuko du zozketekin, fidelizazio-kanpainekin eta jarduera berriekin tokiko merkataritza bultzatzeko

  • Ekimen hau Eusko Jaurlaritzak bultzatu du, eta Amurrioko Udalak eta Amurrio Bidean-ek kudeatzen dute. Udaberri-uda 2025 denboraldirako hainbat kanpaina eta jarduera abiatuko dira tokiko merkataritza dinamizatzeko.

Amurrio, 2025eko maiatzaren 15a. Amurrio Berrikusi-k urtebete beteko du eta ospakizun berezia prestatu du: zozketak, fidelizazio-kanpainak, kultura-jarduerak eta eduki digitalak uztartzen dituen egitaraua, tokiko merkataritza sendotzen eta herritarren parte-hartzea sustatzen jarraitzeko helburuarekin.

“Amurrio Berrikusi-ren Lehen Urteurrena” zozketa

Lehen urteurrena eta 2025eko udaberri-uda denboraldiaren hasiera direla eta, zozketa berezi bat abiatuko da Amurrio Berrikusi aplikazioaren direktorioan dauden establezimenduetan erosketak egiten dituztenen artean. Saria: 2.000 €-ko bonu bat, gehienez zortzi establezimendutan trukatzeko.

Erosketak maiatzaren 21etik ekainaren 21era bitartean egin beharko dira, eta parte-hartzaileek Club AB > Zozketak ataletik igo beharko dituzte tiket-ak aplikazioan. 20 € metatzen diren bakoitzean parte-hartze bat lortuko da, ticket bakoitzerako gutxieneko zenbatekorik gabe. Zozketa ekainaren 25ean egingo da, eta saria uztailaren 4an (ostirala) banatuko da. Egun horretan bertan trukatu beharko da, honako zenbateko hauetan:

  • 2 establezimendutan: gehienez 500 € (guztira 1.000 €)
  • 2 establezimendutan: gehienez 300 € (guztira 600 €)
  • 4 establezimendutan: gehienez 100 € (guztira 400 €)

2025eko Fidelizazio Kanpaina

Plataformarekiko konpromisoari erantzunez, Amurrio Berrikusi 2025eko Fidelizazio Kanpaina martxan jarriko da, 100 €-ko bost bonuren zozketa batekin. Honako kanpainetan parte hartu dutenek izango dute aukera:

  • Lehen Urteurreneko Zozketa
  • Udazkeneko Zozketa
  • “Zuek Erantzu, Guk Ikasi”
  • Gabonetako Erakusleihoen Yincana

Zozketa 2025eko abenduaren 15aren inguruan egingo da, tokiko merkataritzari emandako etengabeko babesari aitortza eginez.

Harrotasuneko Erakusleihoen Yincana (Amurrio Harro)

Amurrio Harrorekin elkarlanean, Erakusleihoen Yincana berezia antolatuko da. Herritarrek parte hartzen duten erakusleihoak bisitatu, eta aplikazioko Club AB > Fidelizazio Txartelak atalean QR kodeak eskaneatuta, 100 €-ko tokiko produktu-saskia irabazteko zozketan parte hartu ahal izango dute. Zozketa ekainaren 9an egingo da eta saria ekainaren 13an banatuko da.

Era berean, Amurrio Harro-k erakusleiho-lehiaketa bat antolatuko du, sormena eta aniztasunaren aldeko egunen inguruko ikusgarritasuna sustatzeko.

“Amurrio denda batetik bestera” podcastaren atal berriak

Maiatzaren amaieran, “Amurrio denda batetik bestera” podcastaren hiru atal berri estreinatuko dira, gazteen ekintzailetza komertzialari buruzkoak. Bertan parte hartuko dute Xabi Egia, “Gazte + Ekintzaile” lehiaketako aurkezlea, eta baita saltzaileak diren Mikel Juaristi eta Joseba Etxebarria ere, gaztetasunaren eta tokiko merkataritzaren arteko loturari buruzko esperientziak partekatuz.

Tokiko dendetan tailerrak eta bisita gidatuak

Datozen asteetan, doako tailerrak eskainiko dira Amurrioko hainbat saltokitan, herritar guztientzat irekita. Gainera, kazetari Iratxe Estradak bisita gidatu bat zuzenduko du hautatutako dendetan zehar, beren protagonistak kontatuko dituzten istorio eta bitxikeriekin. Jarduera tokiko produktuen dastaketarekin amaituko da, Amurrioko merkataritzaren gertutasuna eta aberastasuna balioan jarriz.

Berrikusiri buruz

Berrikusi Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ekimena da, tokiko ekonomiak berraktibatzeko helburuarekin. Jarduerak dinamizatuz eta eguneratuz, tokiko merkataritza kontsumitzaileengana hurbiltzea du xede.

Informazio gehiago:

Ane Escobar

prentsa@amurrio.org