Ris 3 Espezializazio Adimentsuko Estrategia Amurriora iritsi da Innobasque-ren eskutik

Energiaren gaiari buruzko jardunaldia egingo da abenduaren 12an

Ris 3 delakoa edo Espezializazio Adimentsuko Estrategia Amurriora iritsi da Innobasque-ren eskutik. Zaraobe Institutuak eskualdeko enpresei eta ekoizpen-sektoreetako beste eragile batzuei zuzendutako jardunaldi bat antolatu du, Innobasque berrikuntzarako agentziaren deialdiari erantzuna emateko. Abenduaren 12an egingo da, ReforAmurrio Enpresaldean, 12:30ean. Energiaren gaia aukeratu da jardunaldi horretarako, eta Laudioalde Lanbide Eskola eta Amurrio Bidean ere lankidetzan aritu dira antolamenduan.

Topaketa horretan, energiaren auziari lau ikuspegitatik heltzen dioten lau hitzaldi entzun ahal izango dira. Innobasqueko energiaren pilotajeko taldeko arduradun batek azalpenak emango ditu, alor horretan ekimen berritzaileak egiteko esparru orokorrari eta finantza-tresnei buruz. Jarraian, Amurrioko Udalak Amurrioko enpresa-eremuetako «Trantsizio energetikoa» ekimena aurkeztuko du. Bestalde, Zaraobe Institutuak Haizerrota proiektuaren funtsezko ideiak azalduko ditu. Azkenik, ekimen arrakastatsu bat ezagutzera emango da; kasu honetan, Baiwind enpresarena, autokontsumorako energia sortzearen alorrekoa. Eskualdeko enpresa eta erakundeak gonbidatuko dira jardunaldira.