AMURRIOKO UDALAK BERRIRO JARRI DU MARTXAN “BIZI GABONAK AMURRION” KANPAINA

Herriko establezimenduetan gastatzeko 15 euroko opari-txekea da, eta 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrei dago zuzenduta.

Bihar, abenduak 14, hasi eta hilaren amaierara arte jaso ahal izango dira, Turismo Bulegoan.

Amurrioko Udalak “Bizi Gabonak Amurrion” kanpaina bultzatuko du aurten ere, batez ere txikienentzat ilusioz beteta dauden egun hauetan. Ekimena 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrei dago zuzenduta. 15 euroko opari-txekea izango dute herriko establezimenduetan gastatzeko.

“Gabonen atarian bigarren urtez jarraian martxan jarri dugun ekimen horrek bi helburu betetzeko aukera ematen digu. Elkarren artean oso desberdinak badira ere ere, kanpaina honetan batu egiten dira. Alde batetik, txikienen ilusioari eusten laguntzen dugu, eta, gainera, udalerriko establezimenduetan kontsumitzearen aldeko apustuarekin jarraitzeko aukera ematen digu”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrek 15 euroko opari-txekea jaso ahal izango dute abenduaren 14tik hilabete bereko 30era arte Turismo Bulegoan, asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta larunbat eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara. Txekea jasotzeko, haurraren NANa, edo amaren edo aitaren NANa, familia-liburuarekin batera, aurkeztu beharko da.

Opari-txekea Amurrioko edozein establezimendutan gutxienez 15 euroko erosketa eginez trukatu beharko da (inoiz ez da dirurik itzuliko), eta txekea erabiltzeko epea urtarrilaren 17an amaituko da. Guztira, mila haur baino gehiagok gozatu ahal izango dute opari-txeke horretaz, eta horrek, gutxienez 16.000 euroko eragina izango du.