Azaroaren 5ean, beste urte batez, Mikoturismo Eguna egingo dugu Amurrion, besteak beste pilotalekuko perretxiko-erakusketa tradizionalarekin
Aurtengo udazkenean ere, 2017ko Mikoturismo Egunak antolatuko ditugu Amurrion, hamalaugarren aldiz, urriaren 21, 22, 28 eta 29an eta azaroaren 4 eta 5ean. Egun horietan, perretxikoek toki berezia izango dute menu gastronomikoetan, pintxo-lehiaketak eta hitzaldiak egingo dira, eta Arriola Elkarte Mikologikoak, ohi bezala, perretxikoak sailkatu eta haiekin erakusketa bat antolatuko du.
XIV. MIKOTURISMO EGUNAK 2017
URRIAREN 21, 22, 28 eta 29an ETA AZAROAREN 4 eta 5ean: Perretxikoekin egindako Pintxoen XII. Lehiaketa
Dastatzea taberna hauetan: Akeita, Atxubi, El Crucero, Kili Berria, El Rinconcito, La Bodeguilla, La Reunión, La Terraza, Guk eta Txoko Gorri.
Tabernentzako saria:
- Pintxorik onena, epaimahaiak bozkatuta: 200 € eta plaka.
- Pintxorik onena, herritarrek bozkatuta: 150 € eta plaka.
2017ko pintxorik onena aukeratzeko botoa eman nahi duten herritarrek gutxienez 6 pintxo dastatu beharko dituzte.Bozketan parte hartzen dutenen artean 250 €-ko bi sari zozketatuko dira, eta Apymca elkartera atxikitako establezimenduetan gastatu ahal izango dituzte.
URRIAREN 21, 22, 28 eta 29an ETA AZAROAREN 4 eta 5ean:Menu gastronomikoak
Sasoiko perretxikoekin eginiko menu gastronomikoak, jatetxe hauen eskutik: Abiaga (28 € + % 10eko BEZa, edaririk gabe), Bideko (43,00 € + % 10eko BEZa).
AZAROAREN 4an, LARUNBATA:Perretxikoak sailkatzea
18:00etatik 20:00etara, perretxikoak sailkatuko dira udal-pilotalekuan, Arriola Elkarte Mikologikoaren eta Alberto Villanueva mikologoaren eskutik. Sailkapenean edonork parte har dezake. Interesdun oro ikusle gisa joan daiteke, zalantzak kontsultatu eta bildutako espezieak eraman, sailkatzeko.
AZAROAREN 5ean, IGANDEA:
Mikoturismo Egunak ekimenaren amaierak bat egingo du Mendiko Lagunak elkarteak urtero antolatzen duen “Garobel” ibilaldiarekin.
- 10:00etatik 14:00etara: Artisau-produktuen azoka eta salmenta (Larrinaga kalea).
- 11:00-14:00: Perretxikoen erakusketa udal-pilotalekuan, Arriola Elkarte Mikologikoaren eskutik.
- 13:30ean: Epaimahaiak saria emango dio Perretxikoekin egindako Pintxoen XII. Lehiaketa irabazten duen tabernari.
AMURRIO BIDEANEN INSTAGRAM-A
Amurrio Bideanen Instagram kontuan “Cofre Vip” kaxa bat zozkatuko da, Araba bidaia-agentziaren eskutik, Mikoturismo Egunak 2017 ekimenarekin lotutako landa-bidaia bat egiteko.
* ARRIOLA ELKARTE MIKOLOGIKOAK ZALANTZAK ARGITU ETA PERRETXIKOAK SAILKATZEN LAGUNTZEN DIE HALA NAHI DUTENEI: urteroko legez, perretxikoen goreneko denboraldia iritsi dela eta, Amurrioko Arriola Elkarte Mikologikoa prest dago amurrioarrei zalantzak argitzeko edo aleak identifikatzen laguntzeko. Elkarte horretako kideek Amurrioko Kultur Etxean duten egoitzan eskaintzen diete laguntza herritarrei, izan ditzaketen zalantzei erantzunez, urritik abendura bitarteko astearte guztietan, 18:30etik 19:30era bitartean.