Amurrio Bidean egokitu egin da bere zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izateko
COVID-19aren epidemiak eragindako egoeraren aurrean, Amurrio Bideanek aktibo mantendu ditu bere zerbitzuak. Bulegoa itxita dago, baina egoerara moldatu eta gure lan-metodologia arreta telematikoaren modalitatera egokitu dugu.
Horrela, enpresei, autonomoei eta ekintzaileei zuzendutako gure laguntza-zerbitzuen eta prestakuntza eta/edo lan-bilaketakoen jarraitutasuna bermatu ditugu.
Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiarekin eta lurraldeko beste eragile ekonomiko batzuekin lankidetzan, Arabako enpresa-sareari zuzendutako laguntza teknikoaren parte gara, zeinaren bidez enpresek COVID-19ari buruz eginiko kontsultak artatzen baitira. ETE eta autonomoentzako neurri guztiak webgune honetan kontsulta daitezke: www.ayudasarabacovid19.eus.
Halaber, udalerriko negozio txikiekin ere lan egiten ari gara, aldatu eta egoera berri honetara egokitzeko egiten ari diren ahalegina agerian jartzeko. Horretarako, “Bizi Amurrio merkataritza eta ostalaritza” Facebookeko kontuaren bidez, herritar guztiekin partekatzen ari gara kolektibo horrek bezeroekiko harremana mantentzeko xedez martxan jarritako ekimen guztiak. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailak diruz lagundutako Amurrio+ programaren bidez, tutoretza ematen ari gara 12 establezimenduri –kanpoko adituek zuzendutako webinar eta tailer birtualen bidez–, zerbitizazioari edo etorkizun hurbilerako prestatzen lagunduko dieten formulei buruzko hausnarketa egiten laguntzeko. Bestalde, maiatzaren 6rako beste webinar bat dago programatuta: “Marketin digitaleko jardunbide egokiak. Berrirekitzea prestatzen “. Gai horretan aditua den Mireia Muñizek emango du. Saioaren helburua da sare sozialen edo marketin digitaleko beste tresna batzuen bidez bezeroekiko harremana mantentzeko edo hobetzeko ideiak ekar ditzaketen edo inspiratzaileak diren jardunbide egokien adibideak erakustea.
Azkenik, etengabeko harremana dugu tokiko enpresa-sarearekin, beharrak hautemate aldera. Halaber, lehendik abiarazita dauden eta tutoretza behar duten proiektuei dagokienez, bideodei-formatuan lantzen ari gara; eta aurreikusitako prestakuntzen kasuan, online formatuan eskaintzen ari gara.
Horrenbestez, enpresa eta autonomoei nahiz prestakuntza edo lana bilatzen ari zaretenoi gogorarazi nahi dizuegu Amurrio Bideanen lanean jarraitzen dugula. Gurekin harremanetan jartzeko, administracion@amurriobidean.org helbide elektronikoa edo 945891721 telefono-zenbakia erabil ditzakezue.