Amurriok “Berriro irekitzeko bonua” kanpaina jarriko du martxan, APYMCA-rekin batera

Udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresak une honetan jasaten ari diren egoera dela eta, Amurrioko Merkatari Txikien eta Ertainen Elkarteak (APYMCA) “Berriro Irekitzeko Bonua” kanpaina jarri du martxan, Amurrioko Udalaren babesarekin. Horretarako, parte hartu nahi duten establezimenduek maiatzaren 9ra arte eman ahal izango dute izena. Ekimenaren helburua, COVID-19aren ondorioz itxita egon diren merkataritzari, ostalaritzari eta zerbitzu sektoreari laguntzea da.

Gure Laguntza plataformaren bitartez, bezeroek behar dituzten artikuluak edo zerbitzuak erosteko eta etorkizunean erabiltzeko aukera izango dute, euren konfiantzazko enpresei zalantzaz betetako garai honetan laguntzen dieten bitartean. Bonuak digitalak izango dira, eta interesatuta daudenek erosi eta ondoren, establezimendua irekitzen denean, salmenta puntuan bertan erabili ahal izango dituzte.

“5.000 euroko zuzkidura duen lehenengo “Berriro Irekitzeko Bonua” ekimena, datozen hilabeteetan sektorea berriro aktibatzeko ezarriko diren neurrietako bat baino ez da. Koronabirusak sortutako ondorioen ostean Amurrio ekonomiaren ikuspegitik biziberritzea da gure lehentasunetako bat. Horregatik, joan den astetik, hainbat sektorerekin elkartzen hasi gara, euren ardurak zuzenean ezagutzeko eta gauzatu beharreko jarduketak egokitzeko”, adierazi du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Bonu motak

Ekimen hori gauzatzeko bi bonu mota jarriko dira indarrean. 10 euroko “Ostalaritza Berriro Irekitzeko Bonua” eskuratzeko bezeroek 8 euro ordaindu beharko dute. 30 euroko “Merkataritza eta Zerbitzuak Berriro Irekitzeko Bonua” eskuratzeko, berriz, bezeroek 25 euro ordaindu beharko dute.

Bonuetan aplikatuko den hobaria, 2 eta 5 eurokoa, Amurrioko Udalak hartuko du bere gain. Guztira, herritarrentzako 1.400 bonu inguru kaleratuko dira. Bonuak establezimendu bakoitzeko gehieneko kopuru batekin banatuko dira, azkenean izena emango duen establezimendu kopuruaren eta motaren arabera.

Establezimenduen izen ematea

Kanpainan parte hartzeko interesa duten establezimenduek maiatzaren 6ra arte eman ahal izango dute izena apymca@gmail.com helbidera mezu elektroniko bat bidaliz eta parte hartu nahi dutela adieraziz, eta izena emateko prozesua amaitzeko epea maiatzaren 9an amaituko da.

Bonu kanpainaren oinarri osoak www.amurrio.org webgunean kontsultatu daitezke, eta informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko APYMCA elkartearekin harremanetan jar daiteke, apymca@gmail.com helbide elektronikoan.

BONO REAPERTURA BASES