Amurrio Race Los Arcoseko zirkuitu profesionalean lehiatu zen Nafarroan

Amurrio Race Amurrioko tokiko lasterketa-taldeak bere talentua erakutsi du berriz ere, kart elektrikoarekin lehiatuz Los Arcoseko (Nafarroa) zirkuitu ospetsuan, Greenpower Iberiaren hezkuntza-programaren barruan.

Amurrio Bideanek 2023tik bultzatzen duen proiektu honek bokazio zientifiko-teknologikoak, artistikoak eta matematikoak (STEAM) sustatzea du helburu 11-16 urteko gazteen artean, eta, aldi berean, tokiko enpresa-sarea ikusaraztea. Horretarako, “Amurrio Race” taldea sortu zen, kart elektriko bat muntatuz eta inguruko lehiaketetan parte hartuz. 2024an, Torrelavegan lehiatzeaz gain —han lortu zuten karrozeria onenaren saria—, taldeak jauzi handia eman du aurten zirkuitu profesional batean parte hartuz.

Lasterketa honetan parte hartzea posible izan da udalerriko enpresen laguntzari esker, hala nola, Burutxaga Hestebeteak, Koba Cycling eta Artomaña Txakolina, bai eta erakunde laguntzaileen laguntzari esker ere, Zaraobe Institutuak bere instalazioak utzi baititu, eta Amurrio Bideanek, jarduera guztia koordinatu eta kudeatu baitu.

Taldeak 14. postua lortu du 24 talderen artean, eta 14 itzuli egin ditu energia-eraginkortasuna nagusi den proba batean. Lasterketa honetan parte hartzearen helburu nagusia ibilgailu fidagarri bat diseinatzea eta gidatzea zen, lasterketa denbora onarekin amaitzeko gai izango zena, eta zalantzarik gabe lortu dute. Zorionak lantaldeari bere dedikazio, ahalegin eta jarreragatik. Zorionak!

Etorkizunari begira, hobetzen jarraitu behar dugu, hurrengo edizioetan lehiakorragoak izateko. Horregatik, Amurrioko gazteria gonbidatu nahi dugu, bereziki neskak, ekimen bitxi honekin bat egitera. Emakumeek proiektu teknologikoetan duten presentzia txikia izan ohi da, baina funtsezkoa, eta Amurrio Race-n askotariko talde berritzaile eta inklusibo baterantz aurrera egiten jarraitu nahi dugu.

Proiektua bertatik bertara ezagutarazteko, ate irekien jardunaldia egingo da maiatzaren 26an, 19:00etatik 20:00etara, Zaraobe institutuko pistetan. Kart-a eta taldea ezagutzeko eta datorren ikasturtean esperientzia honetan parte hartu nahi dutenentzako zalantzak argitzeko aukera ezin hobea izango da.