‘Konpondu.amurrio’, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua sustatzeko konponketa-negozioen bilatzaile berria

Amurrioko Udalak, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, ‘Konpondu.amurrio’ proiektua jarri du abian. Proiektuaren helburua udalerriko egungo kontsumo-eredua aldatzea da, jasangarriagoa izan dadin. Webguneak lau gune nagusi ditu: auto-konponketa sustatzeko, ordezko piezak erosteko, konponketa-establezimenduak bilatzeko eta esteka interesgarriak.

http://konpondu.amurrio.eus – http://amurriorepara.amurio.eus webguneak gure produktuen bizitza luzatzeko informazioa, aholkuak eta tresnak eman nahi ditu. Horren barruan, Amurrion konponketan jarduten duten establezimenduen bilatzaile bat dago, hainbat kategoriatan banatuta eta udalerriko konponketa-negozio guztiak ikus daitezkeen maparekin.

“Webgune horren oinarria konponketa lanak egiten dituzten udalerriko negozioen bilatzailea da. Bertan, konpondu nahi dugun produktua tekleatuz, zein kategoria bilatu nahi dugun aukeratuz edo udalerriaren mapan zuzenean, produktu hori konpontzen duten establezimenduak bilatu ahal izango ditugu. Hor agertuko dira establezimenduak, horien informazio orokorra, ze produktu konpontzen dituen, non dagoen, ordutegia eta kontaktua” azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Proiektu honekin hainbat helburu lortu nahi dira:

  • Herritarrei berrerabilerarako aukera praktikoa eskaintzea.
  • Herritarrei prebentzioaren eta jasangarritasunaren aldeko ohiturak helaraztea.
  • Bigarren eskuko objektuen trukea duintzea.
  • Hondakinak tokian-tokian eta egunero sortzea prebenitzea.
  • Kontsumo jasangarria
  • Produktuen balio-bizitza luzatzea.
  • Lehengaien eta energiaren kontsumoa murriztea.
  • Konponketa- eta autokontratazio-zerbitzuak eskaintzen dituzten tokiko negozioak ikusaraztea eta horien erabilera sustatzea.

“Alferrik galtzearen kultura nagusi den munduan bizi gara.  Zerbait apurtzen denean, bota eta gauza batzuen ordez beste batzuk eskuratzen ditugu, estreinatzeko eta kontsumitzeko dugun beharra asetzeko. Gaur egun bizi dugun klima-krisi egoeran, beharrezkoa da gure kontsumo-eredua aldatzea eta bota baino lehen konpontzen duen beste eredu arduratsuagoa ezartzea. Hori dela eta, ‘Konpondu.amurrio’ proiektua funtsezkoa da produktuei bigarren bizitza emateko eta mundu jasangarriagoaren, bidezkoagoaren eta solidarioagoaren alde egiteko”, adierazi du Molinuevok.